_MG_64551983. urtean jaioa, Arkaitz Mendoza Rodríguezek Baiona eta Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioetan piano eta organoko Goi Mailako ikasketak burutu zituen L. Gomez, C. Navajas, B. Carrau eta E. Landart irakasleekin, kalifikazio gorenekin amaituz. Errioxako Unibertsitatean “Musikako Zientzia eta Historia” lizentziatura eta Bartzelonako Goi Mailako “Liceu” Kontserbatorioan pianozko Perfekzionamenduzko Gradu bat osatzen du Miquel Farré maisuaren gidaritzapean. 1998. urtean Londreseko “Guildhall School” eskolaren “Errezitaldi Ziurtagiria” lortu zuen. “Berria” egunkariko Musika Kritikaria da 2006.urte geroztik, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Kursaal Eszena eta Donostiako Musika Hamabostaldiko denboraldiak jarraituz. 2014.urtean bere lehen diskoa grabatu du piano bakarlari gisa Frédéric Chopinen zenbait “Nokturno” Harkaitz Cano euskal idazle famatuak burututako poesiarekin batera, Etxepare Institutuak argitaratutako “Malgu da gaua” disko-liburuan.

Hainbat Nazioarteko Lehiaketetan saritua izan da, hara hor: “Donostia Hiria”, Balentziako “Carlet Ciutat” eta “Xàtiva Ciutat”, Pariseko “Lucien Wurmser”, Linareseko “Maria Montiel”, Bilboko “Nuevas Estrellas”, Bartzelonako “Eugenia Verdet”, Soriako “Gerardo Diego” eta Leoneko “Veguellina de Orbigo”.

Bakarlari gisa Donostiako Kontserbatorioko Orkestra Sinfonikoa eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Kontzertu Didaktikoetan parte hartu du W. A. Mozarten eta E. Grieg Pianorako Kontzertuak eskainiz. J. M. Usandizaga euskal musikagilearen rola interpretatu zuen Euskal Telebista eta Sincro Produkzioaren “Usandizaga y Ravel. Unidos por un río” dokumentalean. Euskal Herriko Gazte Orkestraren pianojolea izan da eta gaur egun Bilboko Orkestra Sinfonikoaren pianojole kolaboratzailea da. Ganbera musika arloan, Trio Easo taldeko kide da Miren Urbieta Vega sopranoa eta Erlantz Fernandez tronpeta jotzailearekin batera.

Hiri askotan eskaini ditu piano errezitaldiak, Donostiako “Viktoria Eugenia” Antzokian eta Donostiako Musika Hamabostaldian Aita Donostiaren heriotzaren 50. Urteurrenean eskainitako “Euskal Preludioak” obra osoaren interpretazioa nabarmenduz. 2007an Donostiako “Cultura Musical” Elkarteak antolatuta, publiko eta kritika aldetik arrakasta izan zuen piano errezitaldi bat eskaini zuen Kursaal auditorioan. Urte berean, Eusko Jaurlaritzak hautatuta, Argentina eta Uruguai barne kontzertu bira bat eskaini zuen guztira 12 kontzertu betetzeraino eta hurrengo urtean Japoniako Tokio, Kawagoe eta Kobe hirietan errezitaldi batzuk emateko aukera izan zuen.

Azkoitiako Cavaillé-Coll organoaren mendeurrenean antolatu ziren ekitaldietan parte hartu zuen organo kontzertu batekin eta Nafarroako Fiteron, Durangon, Baigorrin, Baionako Boucaun, Pau hiriko Lescar herrian eta Donostiako “Aita Donostia” Musika Asteko edizio askotan parte izan ohi du.

Abesbatzen sailean, San Inazio Korala eta Donostiako Orfeoiko kide izan zen, azken honekin Espainiako Irrati Nazionalak ekoiztutako “La bella Lola” diskoaren grabaketan pianojole gisa parte hartuz. Donostiako “Aita Garayoa” Abesbatzako zuzendari izan zen eta gaur egun musika sakratua sakontzen duen Hondore ahots taldeko kide da.

Orkestra Zuzendaritzako goi mailako ikasketak burutu ditu Enrique Garcia Asensio maisuaren gidaritzapean Euskadiko “Musikene” Goi Mailako ikastetxean. Hori dela eta, “Sasibill” Elkarte Lirikoarekin debuta egin zuen Orkestra Zuzendari bezala F. Chuecaren “La Gran Via” zartzuelarekin Donostiako “Viktoria Eugenia” antzokian. Harrez geroztik,  Arrietaren “Marina” opera, “Zartzuela Antologia” bat eta “La Tabernera del Puerto”, “Katiuska”, “La Verbena de la Paloma”, “La del Soto del Parral”, “El Dúo de la Africana”, “Gigantes y Cabezudos”, “La del Manojo de Rosas” eta “Bohemios” zartzuelak zuzendu ditu. 2015.urtean Belgikako Lieja hiriko Royal Wallonie operako Orkestra Zuzendaritzako Masterclassean hautatua izan zen Paolo Arrivabeni maisuaren gidaritzapean, Amaierako Kontzertuan G. Verdiren “Nabucco” operako zenbait atal zuzenduz.

Anuncios