San Inazio Abesbatzan eta Donostiako Orfeoian jasotako musika ikasgaiek zuzendaritza mundua ezagutarazi ninduten. Orkestra handiak eta ahots bakarlari garrantzitsuenak entzuteko aukera zirraragarria izan zen, zeinuaren bidez musika zoragarri hori adierazteko grina piztuz. San Inazio Abesbatzan kantatzea eta zuzentzea elkar banatu nuen denbora batez eta geroago “Aita Garayoa” helduen abesbatzan egunero zuzentzeko aukera izan nuen. Vivaldiren “Gloria” edota Guridiren “El Caserio” zartzuelaren muntaia ikaragarrizko erronkak izan ziren abesbatzarentzat eta emaitzaz oso pozik nago. Lidergoa eta behar den psikologia funtsezkoak izan ziren, 17 urteko gaztetxo batek 50 urte bataz beste duen ahots talde bat zuzentzeak dakarzkien zailtasunak serioak baitira. Asko ikasi nuen esperientzia horretaz, abeslari bakoitzaren iritziak amankomunean jarriz eta denok bide berberean aurrera abiatuz.

Musikenen Enrique Garcia Asensio maisua ezagutzeak teknika esparrua sakontzea ekarri zuen. Nahiz eta musikalitatean arazorik ez nabaritu, teknika kontuetan lan zorrotzagoa egin behar nuen eta horretarako Garcia Asensio maisu ona izan zen. Besoaren zeinuaren bitartez musikak adierazten zuena fidagarritasun osoz igorri nahi izan nuen musikariei, eta ez da ariketa zaila ez! Laster iritsi zen hainbeste miresten nuen debuta…

Donostiako “Sasibill” Elkarte Lirikoari esker Federico Chuecaren “La Gran Via” zartzuela osotasunean zuzendu nuen lehen aldiz hiriko Viktoria Eugenia antzokian. Hortik aurrera zartzuela gehiago gidatzeko aukera izan nuen, ahotsak orkestrarekin orekatzen, eszenatokiko zulotik egiten den lana interesgarria izanik. Entsegu bakoitza aurrerapausu bat izan da egunetik egunera ikasitakoa praktikan jartzeko ikasbiderik onena izan arte. 

Anuncios