ERREZITALDIAK

Ordubeteko kontzertu bat emateko behar diren obra multzoa bildu nuenean jendaurrean errezitalak eskaintzeko aukera eman zidaten. Honela urduritasunak eta erronkak gailentzeko ausardia lortuko nuke, behar den kontzentrazio puntua aurkitu arte. Probintziako herrietan eskaini nituen nire lehen errezitalak 13 urterekin, kontzertu bira txikia kultur etxe, musika eskola eta antzokietan burutuz. Egitarau berbera interpretatzen nuen, behin eta berriro joaz obrak hobeto sakontzen ziren eta azkar galdu nituen zuzeneko ekitaldiek eragiten dituzten urduritasunak. Horrek ziurtasuna eta konfiantza eman dit gaur egun kontzertuetarako, gehienetan lasai asko egonez errezitaldi aurreko uneetan. Orain irakasle izanda, behin eta berriro esaten diet ikasleei kontzertuei aurre egin behar dietela, beldurrak albo batera uzteko eta ikasgeletako bakardadean jo ez dezaten.

Donostiako “Cultura Musical” Elkarterako eskainitako piano errezitaldia Kursaal auditorioan, 2007

Donostiako “Cultura Musical” Elkarterako eskainitako piano errezitaldia Kursaal auditorioan, 2007

14 urterekin Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin Mozarten Pianorako Kontzertu baten atal bat jotzeko aukera izatea opari ederra izan zen, baina urte batzuk geroago iritsi ziren errezitaldirik garrantzitsuenak: Musika Hamabostaldiko Gazte Interpreteen Zikloan, “Cultura Musical” Elkarterako Kursaal auditorioan eskainitako errezitaldia eta Eusko Jaurlaritzak hautatu eta gero, Argentina eta Uruguai herrialdeetan burututako kontzertu bira luzea. Esperientzia aberatsak, izugarriak, askotan espero ez dituzunak eta betiere gogobetekoak, orain arte nigan fidatu duten guztiei eskerrak emateko modukoa, nire sentipenak adierazteko lekua eta unea eman didatelako.

Eta azkenean iritsi egin da eguna: 75. Musika Hamabostaldian hilabete gutxira aurkeztuko nuen nire lehen diskoa ezagutarazi nuen Frédéric Chopinen «Nokturno» aukeraketa batekin. Lekua miresgarria izan zen, Donostiako Nautikoa, itsasoaren olatuak eta haizeak erromantizismoko aintzindari diren obra zerutiar hauekin batera. Etxepare Institutuak argitaratutako Harkaitz Canoren poesiak pianorako obra hauen inguruan Donostiako Viktoria Eugenia Club Aretoan izan zuten aurkezpen ofiziala Donostia Musikak bultzaturik, areto txikia, inguratzaile, entzulea zure ondoan arnasten duen horietakoa, paregabea «Nokturno» hauentzat.

img_1765

img_17581