HASTAPENAK

Berandu iritsi zen musikarekin izandako lehen hurreratzea; 9 urte nituen solfeoko klase batean ezin irakurri zitezkeen zirriborro horiek aurkitu nituenean. Edozein haurren begietan ezin ikusia den musika teoria hura niretzat sorpresa handia izan zen eta hurrengo urtean ene bizitzan inoiz baztertu ez dudan laguna aukeratu nuen: pianoa. Melodia txiki horiek, beste denari zentzua ematen dioten akordeak eta batez ere bi eskuen arteko koordinazioak guztiz itsutu egin ninduen. Ez nintzen auzoko plazan jolasten zuen haur bat, etxean zoriontsuago nengoen, bai xakean jokatzen edota pianoan. Ez nuen sentitzen pianoa “ikasten” ari nintzela, dibertigarria zen oro, uneoro hobeto jo nahi nuen, sentiberatasun gehiagorekin, amaieran interpretazio biribil bat lortzekotan. Nire ikaskide, guraso eta irakasleen aurreko entzunaldi irekiak gustuko nituen. Entzule asko elkartzen baziren, askoz hobe niretzat, izugarrizko pozaldia baita etxean luzaroan ikasten aritu zarena jendaurrean plazaratzeko aukera izatea.

Nire ikaskide eta Laurentino Gomez irakaslearekin batera.

Pedro Gonzalez, Judith Jauregui ikaskide eta Laurentino Gomez irakaslearekin batera.

 

Nire gurasoen laguntza eta babesa aipamen berezi bat behar du. Edozeinentzat gurasoak sostengu garrantzitsu dira baina nire kasuan, musika ezagutu gabe nire aldamenean burutu duten “abentura” honek mila txalo merezi ditu. Baionako Kontserbatorioko organo klasera, 6 urte luzez larunbatero goizeko lehen orduetan nire aitak egindako bidaiak ahaztezinak izan dira. Nire amaren entzunak, nire lehen kritikaria, nire lehen entzule fina. Eta ezin ahaztu nire arrebaren begirada maitekorra, nire pausuak musika munduan nolabait jarraitu zituen eta hortaz oso harro sentitzen naiz, egundoko sentiberatasuna baitzuen interpretazio bakoitzean.

Anuncios