LEHIAKETAK

Musikariaren bakardadean gauzatu daitekeen praktika aberatsa, nahiz eta hasteko zenbait azalpen kontatu behar. Zure adineko beste ikaskideek interpretatzen dutena entzun eta konparatzeko balio dute lehiaketak, haiengandik baikorrak diren ezaugarriez jabetzeko baina errazegi eror gaitezke betiko premisan: irabazi, irabazi eta irabazi. Finalera pasatzea edota amaieran sariren bat irabaztea eragingarria da oso, baina egun horretaraino burututako lan neketsua musika hezkuntzan baliorik handien duen saria da. Saritua izan zaren edo ez jakitea lehiaketa batetako emaitzik bakarrena dela gehiegi hedatu den sentsazioa da eta horregatik artista askok ez dute behin ere nazioarteko lehiaketetan parte hartu. Aurrera jarraitzeko animo handia da lehiaketa bat, esfortzuari sari bat gehitzen dio eta batez ere musikari batek dituen kezka eta urduriak kentzeko ariketa bikaina da, besteen interpretazioetatik asko ikasiz.

1997 “Donostia Hiria” Lehiaketa

“Donostia Hiria” Lehiaketako irabazleen amaierako kontzertua, 1997

Aurkeztu naizen lehiaketa guztietan finalera pasatzeko zortea izan dut eta bereziena Jaengo Linares hiriko “Marisa Montiel” Lehiaketako 1go Saria izan zen, finalean maila handiko pianojoleak baitzeuden. Behartuta jo beharreko obren interpretazioak asko miresten nituen, denok obra berbera joaz eta bakoitzak bere sentipen adierazgarria txertatuaz, erronka oso polita. Inoiz ahaztu ez dudan bidaia Pariseko lehiaketarena izan zen, etxera bueltatzean arrakasta izugarria izanik nahiz eta han aurkitutako partaideen maila hainbesterakoa ez izan. Eta noski, “Donostia Hiria” aipatu beharra dago, urtez urte martxoan nire lagunen aurrean jotzeko unerik hoberena. Aita Donostiaren Preludio bat jotzeagatik “euskal musikako interpretaziorik hoberena”ren saria eman zidaten eta ilusio handiko garaipena izan zen hura. Preludio hura beste gainontzekoekin batera Musika Hamabostaldiaren inaugurazio egunean jotzeko aukera izan nuen handik urte batzuetara. Laburbilduz, lehiaketak oso garrantzitsuak dira ikaslea motibatzeko, umiltasun osoz eta kalitatezko lan on batekin goza daitekeen bizipena delako.

Anuncios