KRITIKA MUSIKALA
Ariketa zaila, musika zaletu askok zehatz-mehatz aztertzen dutena, baina betiere iritzi bakun bat, testu subjektibo bat, doktrinarik ezartzen ez duen horietakoa. Txikitatik gustatu egin zait idaztea, zentzurik gabeko testuak, antzerki gidoiak, ipuinak eta senitarteko baten urtebetetzean poema txiki batzuk. Kritika musikalaren bitartez nire bi afizioak –musika eta literatura- elkartu egin ditut, kontzertu batean sentitutakoa era bereizgarri batean adieraziz, ez hain ortodoxo agian, irakurle guztiei irekia eta batez ere nire jatorrizko hizkuntzan, euskaran, “Berria” egunkarian. Aurreko «Berria»ko kritikaria izan zen Iñigo Alberdik Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren gidaritzari baietza eman zionean, “Berria”k ezberdintasuna bilatu nahi izan zuen hurrengo kritikarian eta hitz kontuetan guztiz ezezaguna zenari eman zioten ardura, beti eskertuko diet erabaki hura.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldi osoa, Musika Hamabostaldia eta Kursaal Eszenako programazioa jarraituz, kritika musikalak ñabarduraren bilaketa zorrotza eta “ongi” ala “ez zait gustatu” iritziak uxatzen lagundu nau, betiere oro arrazoituz. Musika klasikoari hainbesteko seriotasuna murriztearren, umore, ironia eta metafora pintzeladak asko gustatzen zaizkit, musika gizarte, kirola edota kultura ez den edozer esparrurekin erlazionatuz. Joera edo mugimendurik sortzeko intentziorik ez dut, ez baitira “Jainkoaren esana” erantzun beharreko testuak, irakurlea musika arretaz entzutera animatu nahi dudalako, nahiz eta musika ezagutzak ez izan. “Ongi”, “bikain” edo “beno…” berbetatik sentsazio aberatsago batzuk ekoizteko saiakeran.